equipare-(r)en bidalketa guztiak

Equiparen egin nahi duzu lan?

Une honetan, kooperatiba indartu nahi dugu, taldean pertsona bat sartuz.

Hona hemen gaur egun garatzen ditugun zerbitzuetako batzuk:

  • Ebaluazioak, diagnostikoak eta udal-berdintasunerako planak
  • Genero-berdintasunaren aldeko planak eta berdintasun-planak enpresetan
  • Eskolako jolastokiak eraldatzeko eta nerabezaroan indarkeria matxista prebenitzeko hezkidetza-proiektuak
  • Parte hartze guneak dinamizatzea
  • Equiparek lankidetzan diharduen sare eta erakundeekin lan egitea

 Eskatutako profila

  • Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza, gutxienez 150 ordukoa. Arlo horretako unibertsitate-masterreko titulu bat izatea baloratuko dugu.
  • Komunikazio-gaitasun arina gaztelaniaz eta euskaraz (C1 euskara-profila egiaztatuta).
  • Ofimatika-tresnen erabiltzaile aurreratuaren maila.

Honako hauek baloratuko ditugu:

  • Lan-esperientzia lanpostuari esleitutako eginkizunekin lotutako lanpostuetan.
  • Sare sozialen eta komunikazio-elementuen kudeaketa.
  • Jakintza eta esperientzia hirugarren sektorean eta mugimendu feministan.

Gaitasunak

  • Autonomia eta ekimena lana garatzean
  • Taldean lan egiteko gaitasuna eta ilusioa
  • Hainbat ekintza eta zeregin gauzatzeko gaitasuna
  • Malgutasuna
  • Soziabilitatea
  • Enpatia
  • Ekonomia solidarioaren eta feminismoaren esparruarekiko konpromisoa eta lotura

Lan-profila

  • Lanaldi osoa.
  • Ordainsaria: Bat dator Bizkaiko esku-hartze sozialeko hitzarmenaren 2. mailarekin
  • Kontratuaren iraupena: mugagabea (3 hilabeteko probaldiarekin)
  • Aurreikusitako laneratzea: 2022ko ekainaren 1a

 Hautaketa prozedura

Interesatuek eva@equipare.com helbide elektronikora bidal dezakezue zuen CVa.

Eskabideak aurkezteko epea 2022ko apirilaren 30ean amaituko da.

Hilabete barru, gutxi gorabehera, aurrez hautatutako pertsonekin bakarrik jarriko gara harremanetan, hautaketa-prozesuan parte hartzeko.

Mila esker

Erresistentzia feministak ehunduz

Aurten ere, REAS Euskadik bat egiten du M8 honetarako deialdiaren ardatzekin: atzerritartasun-legeari uko egitea, txarto deituriko egoera irregularrean dauden emakumeen esplotazioa iraunarazten duelako; zainketa publiko, doako eta unibertsalen sare bat eskatzea, zaintza-baldintza duinak eta sektoreko langile guztiak bermatuko dituena; eta multinazionalen eginkizuna salatzea, beharren kudeaketan negozio-aukera ikusten dutelako.

Komunikatua hemen irakur dezakezu:https://mcusercontent.com/1d5f4c711aee47efc77994b92/files/9a4f2cdc-684f-4a5a-a7ee-eac9e2c8f568/M8_komunikatua_2021.pdf

NOSOTRAS TAMBIÉN PARAMOS

Martxoaren 8 honetan, equiparetik bat egiten dugu nazioarteko mugimendu feministaren PLANTO aldarrikapenerekin, patriarkatua, kapitalismoa, heteronorma, kolonialismoa, arrazakeria eta kapazitismoaren kontra gaudelako.

Bizitza prekariorik ez !
Indarkeria matxistarik gabeko eta heteronormatik haratagoko bizitzak nahi ditugu !

https://grebafeminista.wordpress.com/

M8 GREBA FEMINISTA – EMAKUMEOK PLANTO!

Aurtengo martxoaren 8an, equiparek, REAS Euskadirekin batera, bat egingo du mugimendu feministaren nazioarteko deialdiarekin eta EMAKUMEOK PLANTO leloarekin, hainbat indarkeriaren (matxista, arrazagatikoa, klasista…) menpe uzten, haiekin zapaltzen eta zeharkatzen gaituen sistema kapitalista eta heteropatriarkal hau salatzeko.

Argi daukagu indarkeria matxistarik gabeko alternatibak eraikitzeko, ezinbestekoa dela patriarkatua eta kapitalismoa zalantzan jartzea eta haiei aurre egitea. Merkatuak eta pilatze-prozesuak lehenetsi ordez, pertsonen bizitza eta planeta erdigunean jarriko dituen ekonomia solidario eta feminista baten aldeko apustua egiten dugu.

Horregatik, equipare osatzen dugun Arantzak eta Evak enplegu-, ikasketa-, zaintza- eta kontsumo-greba hau aktiboki babesten dugu, eta mugimendu feministak deituriko ekintzekin bat egiten dugu.

M8 GREBA FEMINISTA – EMAKUMEOK PLANTO!

Informazioa, manifestua eta EHko mugimendu feministaren deialdiak: grebafeminista.wordpress.com
FACEBOOK: M8EuskalHerria
TWITTER: @M8EuskalHerria

Feministok Prest !!

IMG_3543

Hurrengo larunbatean, apirilaren 9an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Gasteizko kaleak betetzeko deialdia egin du, denok elkartuta  indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko honako leloa hartuta:

11 eraso, 12 erantzun, Feministok prest!!

Vuestras violencias tendrán respuestas

Gure ekimen honen barruan apirilaren 4an bukatu den atxekimendu kanpaina bat bultzatu dugu, manifestazioarekin bat egin nahi duten hainbat pertsona, talde, kolektibo eta erakundek andreen aurkako bortizkeriaren hazkundearen aurrean haien erabateko gaitzespena adierazteko.

Baina indarkeriaz hitz egiten dugunean ez gara bakarrik indarkeria fisiko eta hilketez ari, baita ere gure herri eta hirietan emakumeen askatasuna eta mugikortasuna mugatzen dituzten indarkeria matxistaren beste adierazpenak ikusiarazi nahi ditugu. Indarkeria matxista ez da bakarrik emakumeen aurka egiten, sexualitatea adierazteko modua dela eta, edo gorputza bera dela eta ezarritako jendarte araua betetzen ez duten pertsonen aurka ere gauzatzen da. Indarkeria honek sistema kapitalistaren barruan emakumeok txirotu eta zapaldu egiten ditu, gehienbat Hegoaldean.

equipare-tik ere bat egiten dugu kanpaina honekin, indarkeria matxistaren aurkako borroka guztiz garrantzitsua eta premiazkoa dela uste dugulako eta ekonomia solidarioaren barruko elkarteok errealitate honi aurre egin behar diogulako.

EkoSolFem REAS EUSKADIko taldea
EkoSolFem REAS EUSKADIko taldea

Gure diskurtsoan, balioetan eta eguneroko praktiketan, lehentasuna indarkeria matxista errotik ateratzea izan behar du, eta erakundeei behar bezalako neurriak hartzea eskatzeaz gain, denon artean eztabaidatu eta hausnarketa egin behar dugu, gure elkarteotan matxismoa nola adierazi eta birsortzen den aztertzeko eta neurriak hartu indarkeria egoerak eragozteko.

Gasteizen egongo gara apirilaren 9an!

EKONOMIA SOLIDARIOA IZANGO DA, FEMINISTA BALDIN BADA

MARTXOAK 8
Ekoslfem _3

Borroka feministen leloetako bat “patriarcado, capital, alianza criminal” da, eta martxoak 8 honetan, hain zuzen ere, bizitza prekarizatzeko bi sistemak beraien artean laguntzen direla salatu nahi dugu.

Sistema neoliberalak, estatu eta herrialdeen subiranotasuna nazioarteko korporazio handien interesen menpe jarri nahi du; enplegu, zerbitzu publiko, osasun eta ingurumenerako suntsitzaileak diren ondorioak dituzten TTIP eta CETA moduko nazioarteko hitzarmenak sustatzen ditu; aldaketa klimatikoaren azken gailurreko akordio eskas eta etsigarrietan eraginez, planetaren jasangarritasunari erasotzen dio eta, batez ere globalizazio neoliberalaren ondorioetatik ihes egiten duten errefuxiatuen eskubideen urratzea sustatzen du. Etengabeko eraso guzti hauek, kapitalismoak biziaren gerra deklaratu duela agerian jartzen dute. Baina ez dago bakarrik, patriarkatuak kapitalismoa laguntzen du bizitzarekin bateraezina den sistema sozioekonomiko bat mantentzen.

foto 2ª ent

Ekonomia Solidarioak, pertsonen biziari, beraien beharrizanei, lan eta gaitasunei balioa emanez, logika kapitalista apurtzeko helburuarekin jaio zena, ikuspegi kritiko feminista gaineratu behar du eredu sozioekonomiko hau bidezkoagoa eta zuzenagoa den beste batean bihurtu nahi baldin badu.

Martxoak 8aren inguruan, Emakumeen Nazioarteko Eguna, komunikabide ezberdinetan, oraindik gaur egun emakumeek pairatzen dituzten diskriminazioak erakusten eta, batzuetan, salatzen dituzten hamaika artikulu daude. Egun honetan, komunikabide handiek ere bat egiten dute eta egun batez, berdintasunaren ameskeria apurtu egiten dute, berdintasuna ekintza burutu bat delaren, emakumeek, espazio publikoan parte hartzen ez badute eta botere-kota gehiagora heltzen ez badira, ez dutelako nahi delaren eta esparru ekonomikoan, langabezi eta prekarietate egoera mundu guztiari berdin eragiten diolaren ideian mantentzen gaituena.

Berdintasun itxura faltsu hau, borroka feminista geldiarazteko patriarkatuaren estrategia bat da, prekarietatea emakume izena baitu eta, baita, aurpegi ezberdin asko dauzka. Diskriminazioek ez dute eragin berbera pertsona guztiengan. Generoarekin erlazionatuta dauden beste faktore batzuk existitzen dira, hala nola, klase soziala, adina, jatorria, sexu orientazioa, dibertsitate funtzionala edota atzerritartasun egoera administratiboa, eta hauek, diskriminazio ezberdinak gurutzatzen dituen zapalketa sistema bat eratzen dute.

Ekonomia Solidarioa ez da autokonplazentzian eta berdintasun itxura faltsuaren sarean jausi behar.

Honela, emakumeei merezi duten protagonismoa eman nahi izanez gero, euren parte-hartzea eta jabekuntza sustatzen duten neurriak hartu behar ditugu. Nahiz eta ekonomia solidarioan emakume langileen portzentajea handiagoa izan, erabaki esparruetan oraindik ez da berdintasuna lortu.

Sarearen baitan, egite eta pentsatze modu berriak barneratzen dituzten eta gure erakundeetan existitzen diren genero ezparekotasunak ezabatzen doazen genero ikuspegia duten erakunde-aldaketa prozesuak sustatu.

Pertsonen aniztasuna kontutan izan, ezberdintasunak onartuz eta errespetatuz, haien diskriminazio posizioa indartu dezaketen errealitate ezberdinak identifikatuz.

Kontsumo eta ekoizpen eredu jasangaitza zalantzan jartzen duen eta emakumeenganako eta ezarritako genero-rolei moldatzen ez diren pertsonenganako diskriminazioa handitzera laguntzen duten eta indarkeria matxista sorrarazten duten praktikak identifikatzen eta suntsitzen dituen Merkatu Sozial bat eraiki.

Ekoizpenezkoak soilik ez diren bestelako lan eta eginkizunak ikusarazteko gai den Merkatu Soziala, hauek gabe ezingo baikenitu gure produktu eta zerbitzuak eskaini. Behar-beharrezkoak diren baina normalean ezkutuan dauden eta zainketarekin, hau da, pertsona eta entitateen ongizatearekin harremana duten lanak: garbitu, elikatu, jolastu, jaso, lagundu, ikasi, parte hartu, kooperatu eta, nola ez, amestu.

Ekonomia Solidarioa emakumeen beharrizan praktikoez arduratu behar da euren interes estrategikoak ahaztu barik, eta zentzu zabalean bizitzaren jasangarritasunaren alde lan egiteko, mugimendu feminista eta ekologistarekin aliantzak bilatu behar ditu, sistema kapitalista heteropatriarkala ezberdinkeriaren gain eraikitzen dela agerian utziz eta ekonomia bidezkoago eta jasangarriago baten eraketan ekarpenak egiten jarraituz.

Agurra

equipare-n (giza-ekimen kooperatiba proiektua) bi urtez bidea irekitzen ibili ondoren, bloga estreinatzen dugu (Danitxuren laguntza ordainezinari eta bere pazientzia mugagabeari esker), bertan, berdintasunaren, elkartasunaren eta parte-hartzearen esparruan gure lanaren joan-etorriak, hausnarketak eta ezagutzak kontatzeko asmoz.

Ikasketak, ezagutzak eta proposamenak sortzen lagundu nahi dugu, protagonisten parte-hartze aktiboarekin, lankidetza eta sare-lanarekin, gure berezko bidea, ezagutzak eta esperientzia partekatuz. Banakako eta kolektiboen jabekuntza prozesuak bultzatu nahi ditugu, pertsonen eta kolektiboen azterketaren bidez, baita kolektiboena ere, giza-eraldaketaren subjektu aktibo bezala.

Pentsamendu menperatzailearen aurka kokatzen gara erabat, patriarkala, heterosexuala eta neoliberala baita; horregatik, hasieratik REAS-ekin bat egin dugu (Red de Economía Alternativa y Solidaria), ekonomia egiteko beste modu bat proposatuz, bizitzaren jasangarritasuna erdian jartzen eta ez merkatu kapitalisten aginduan.

Gure begirada emakume eta gizonen arteko botere erlazioen eraldaketara bideratzen da. Emakumeak, joera sexual desberdina duten pertsonak, ohiko rol eta genero arauari atxikitzen ez diren gorputzak,.. hauek guztiak, diskrimatzen, baztertzen eta menpean jartzen jarraitzen duten sinismen edo ideiak, baloreak, portaerak, arauak…., gainditu nahi ditugu.

Egun bizi dugun matxismoaren estrategia zahar eta berriek eta guztiz hedatua dagoen neoliberalismoak, indarkeria sexistaren, lesbofobiaren, homofobiaren eta transfobiaren iraunkortasuna eta emakumeen eskubideak eta askatasuna hauen lanak nahiz bizitza duinerako baldintzak, murrizten dituzte eta ikuspegi sumingarria eskaintzen dute. Badakigu ez dela erraza, baina honetan bakarrik ez gaudela ere badakigu: proposamenak, bideak, elkartasunak eta aukerak bilatzen, eta hauek sortzen eta eraikitzen dituzten sareak badaude.

Eta gure erreferente feminista askok dioten bezala, “eraikitzeko irudikatu behar dugu”, eta irudikatzen, aurrera pausuak ematen eta hainbat eragile eta pertsonekin elkar lanean egin nahi dugu gure ekarpena.